
Gure logoaren bitartez oso ideia sinplea adierazi nahi dugu: natura zaintzea ezinbestekoa da.
Lurra, marroia; ura, urdina; eta landaredia, berdea. Naturan gailentzen diren hiru koloreak. Gizakiok bizitzarako beharrezkoak ditugun elementuak. Egun, inoiz baino gehiago, hurrengo belaunaldiei egoera onean utzi beharreko herentzia. Gu helburu horrekin ari gara, geure alea jarriz. Elkartu nahi?
Zer da Urola Bizirik Natur Taldea?
Urola Bizirik Natur Taldea 2019an sorturiko talde bat da eta izenak ondo adierazten duen moduan, ingurumenaren arloan zentratzen du bere jarduna. Arlo eta udalerri desberdinetako pertsonen kezka bati erantzuna emateko sortu zen. 2020an Eusko Jaurlaritzan erregistratu ginen ingurumenaren aldeko talde modura eta gure erregistro zenbakia AS/G/23225/2020 da.
Aukeraturiko izenak taldearen jarduera-eremua Urola bailara osora zabaltzen dela islatu nahi du. Gipuzkoa ibaiek egituratutako lurraldea denez, Urola bailara izan behar du gure jardunen eremua.
Bestalde, gure ibaiak agian beste elementu askok baino gehiago erakutsi eta erakusten digu zein den gure ingurumenaren egoera. Ondo dakigu, ibaia bataila askoren protagonista dela!
Zein da gure leloa?
Taldearen leloa “Ingurumen osasuntsu baten alde lanean” da. Uste dugu ondo adierazten dituela taldearen lan arloak eta lortu nahi duen helburua.
Osasuntsu hitzarekin, pertsonaren aspektu fisikoa eta psikologikoa hartzen ditugu, naturak bi arlo hauetan ezinbesteko papera jokatzen baitu gure bizitzan.
Zer egiten dugu?
Gure udalerrietako ingurumena hobetzeko asmoz ekintza ezberdinak egiten ditugu, arlo nagusi batzuetan: hondakinak, basoak eta ibai-errekak.
Taldea hazia izateko helburuarekin sortu da. Hazia lur emankor batean ondo errotzen denean zuhaitz handia bilakatzen da. Ingurumenaren babesa, ekologismoa, geure bizitzetan sartu behar dela sinesten dugu. Ekintza txikiekin bada ere denok lagundu genezake naturaren, planetaren azken finean, egoera hobetzeko (ez okertzeko izango litzateke agian zuzenagoa) aukera. Jende horrengan, zuregan, testu hau irakurtzen ari zaren horrengan, hazi hau barneratzea nahi/behar dugu. Horregatik, Urola Bizirikek bere ekintza guztietan biztanlegoa parte hartzera gonbidatzen du. Zu ere ongietorria izango zara, beti!
Bestalde, elkarlanaren aldekoak gara. Ezinbestekoa ikusten dugu gure lurraldeak kudeatzen dituzten erakundeekin (udaletxe, diputazio, mankomunitatearekin) kolaboratu behar dugula. Udaletxeetan eta diputazioan dauden egiturak aprobetxatu behar ditugu gure lanari, guztion lanari, indar gehiago emateko eta emaitza positiboetara eramateko. Hori bai, elkarlanak ez du inoiz mendekotasuna adierazi nahi.
Aldi berean, erakunde horien aurrean ahots indartsuagoa eta bakarrarekin aurkezteko asmoz Naturkoneko kideak gara, Gipuzkoako Natur eta Ekologista taldeen koordinakundearen kideak alegia.

“Bere burua ezagutzen dakiena bere buruaren jabe da”.
– Pierre de Ronsard –