Eukaliptoa, gure mendietako gonbidatu berria

Konfinamenduan gaudenetik naturan eta mendian arnas gunea aurkitu dugu. Askok agian ez dute gauza handirik somatuko baina mendian ibiltzen garenok antzeman ditugu bai, azken urte honetan aldaketa handiak: baso ugari guztiz suntsituta eta espezie berri batzuen presentzia are eta handiagoa eta, horien artean, nabarmena, eukaliptoa.

Galizian, Asturiasen, Kantabrian eta Bizkaian espezie honetako masa trinko asko daude jada eta orain Gipuzkoara heltzen ari zaizkigu. Komunikabideak jarraitzen dituenak ondo jakingo du eremu horietan zer arazo larri egon diren landaketa masibo hauen inguruan azken urteotan.

Gure inguruan bere presentziara ohitzen ari bagara ere, espezie arrotza da. Pinus radiataren gaitzaren ondorioz (banda marroia), pinutegi ugari hil eta botatzen ari dira, baso ustiapenera dedikatzen diren lurjabe handiek bere ordez australiar espezie hau sartuz.

Zientzialariek duela hamar bat urte adierazi zuten espezie hau “inbaditzailea dela”, gero Nekazaritza Ministerioak ez badu zerrendan sartu presio ekonomikoak direla medio. Eta duela gutxi, Euskadiko Legebiltzarrak eskaturiko beste txosten batean zientzialariek adierazi dute eukaliptoa kalteak besterik ez dituela ekartzen ezartzen den tokietan: lurzoruaren mikrofauna eta bakterioentzat, hegaztientzat, onddoen dibertsitatearentzat, anfibioentzat, erreketako arrainentzat, erreketako mikrobioentzat… Bere txostenean esaten duten moduan: “Aurkitutako emaitzak bildu ditugun ia 30 aldagaietatik, ia ez dago eukaliptoek ingurumen-eragin positiborik duenik”. (dokumentua hemen aztergai)

Covid19ak erakutsi digu zein garrantzitsua den kalitatezko ingurumen batean bizitzea. Adituek dioten moduan, birusaren hedapenaren arrazoietako bat, ekosistemetako bioaniztasunaren pobretzea izan da. Gipuzkoan indartzen ari diren monokultibo industrial hauen bitartez ez gara bioaniztasuna indartzen ari, ez dugu kalitatezko paisaia eta ingurumena sortzen eta beraz, etorkizunean ere arazo berdinean erortzeko arriskuan egongo ginateke. Horregatik, gure helburua da bertako basoa, ez monokultiboa, zabaltzea eta berreskuratzea. Ezinbestekoa ikusten dugu arlo honetan konpetentziak eta ardurak dituzten administrazioek, hau da, udaletxeek eta Foru Aldundiak, planifikazio egoki bat egitea.

Urola Bizirik Natur Taldean argi dugu ez dugula horrelako etorkizun bat nahi eta gure herrietako erakunde, eragile eta herritarrak hausnarketa honetan parte hartzera animatzen ditugu, asko baitago jokoan.

Eukaliptoen eragina ingurumenean (6. minututik aurrera):

%d bloggers like this: