Askotariko hondakin ez arriskutsuen planta

Atzokoa konfinamenduko beste egun bat izango zela zirudien baino guztiz kontrakoa suertatu zen. Bizitzen ari garen egoera lazgarri honetan albiste batek goizean goiz geure belarriak kolpatu zituen. Diario Vasco egunkariak, Gipuzkoako atalean, titular hauxe zekarren:

“Luz verde a una planta de valoración de residuos industriales en Azkoitia”.

WhatsAppak su hartu zuen. “Baino, zer arraio da hau?”. Albistea taldez-talde pasa zen eta horrela, WhatsAppez, enteratu ginen azkoitiarrok gure udalerrian askotariko hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko instalazio bat ezartzeko baimena eman ziola herenegun Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, Larke 360 SL enpresari.

Dakigunez,  Diario Vascokoak izan dira lehen hitz ofizialak. Badirudi Azkoitiko beste alderdi politikoen ordezkariek ere ez zekitela ezer honi buruz. Horregatik alderdiek Bozeramaile batzordearen bilera eskatu zuten eguerdian eta arratsaldean EAJ, PSE-EE eta Azkoitia Bai-ko ordezkariek ohar bat kaleratu zuten Maxixatzenen azkoitiarroi enpresa honen asmoei buruz herritik datozen lehenengo berriak emateko eta lasaitasuna transmititu nahian.

Eskuraturiko dokumentazio guztia aztertu ondoren, Urola Bizirik Natur Taldeak egoera honen aurrean hauxe adierazi nahi du:

  • Larke 360 SL enpresa 2019ko maiatzaren 16ean sortu zen eta  bere operazioak maiatzaren 10ean hasita zituen (horrela azaltzen da behintzat 2019ko maiatzak 23ko BORMEN, 96 zenbakian, 23464 orrian). 2019ko ekainean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Sinplifikatua aurkeztu zuen. 2020ko apirilean gaude eta Sailak martxoaren 11n “ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren beharrik ez dagoela” jakinarazi du herenegun argitaraturiko ebazpenaren bitartez. Zentzu honetan, guztiz ulergarria da azkoitiarrok atzo erakutsitako kezka Diario Vasco egunkariak kaleratu zuen albistearen aurrean. Ia urtebete pasa da eta hau izan da azkoitiarrok enpresa honen asmoei buruzko lehenengo albiste “ofiziala”. Egia da, beste enpresa bat dela baina gure ustez azkoitiarron osasunean edota bere ingurumenean eragina izan dezaketen enpresa guztien berri izan beharko genuke.
  • Gure taldeak azken hilabeteotan egin diren obra horiek jarraitu ditu, bertan egiten ari ziren egokitzapen guztiak zertarako ote ziren jakin gabe. Ingurumen Sailaren oniritzia oraindik jaso gabe lan ugari aurreratu dituzte hilabete hauetan. Horrelako azpiegitura batek kostu handiak dituenez, ez dakigu nolatan aurreratu diren hainbeste administrazioaren baimena izan gabe.
  • Azterturiko informazioaren arabera, Larke 360 SL enpresaren CNAE (Código Nacional de Actividades Económicas) kodigoa 3832 da. Kodigo honek “Jada sailkatutako materialen balorazioa”-ra dedikatzen dela adierazten du. Geolan enpresak prestaturiko ingurumen-inpaktuko txostenean, argi ikus daiteke lehen fasearen ondoren aurreikusten den bigarren horretan nahasketarako guneak daudela.
  • Ezin dugu ukatu Larke 360 SL enpresak administrazioak eskatzen duen dokumentazioa era egokian aurkeztu duela. Aitzitik, dokumentazioa eskakizun horiek beteko direlaren proiektu bat besterik ez da. Froga bat: Ingurumen eta Lurraldearen Sailak 2008ko ebazpenean Oñeder S.A.ko zabortegiari, dokumentazio tekniko guztia aztertu ondoren, baimena eman zionean hauxe zioen:

“Oñeder SA enpresak sustatzen duen hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduerak ez du industria-isurketarik eragiten. Beraz, instalazioko hondakin-uren isurketak soilik Gipuzkoako Uren saneamenduko kolektore nagusira isurtzen diren erabilera sanitarioko urez eta Oñedertxo errekara kutsatzaileen arraste-ekarpenik ez duten euri-urez osatzen dira.

Eta denok dakigu hor zer gertatu zen. Beraz, dokumentazio teknikoa horixe da, teknikoa.

  • Etorkizunak eskatzen duen ekonomia zirkularrean hondakina ezinbestez ondo kudeatu behar delaren ideiakoak gara, noski, baina, zoritxarrez, errealitateak duela gutxi oso era gogorrean demostratu digu hori ez dela askotan egiten. Gakoa jardueren fiskalizazioa da. Zeinek ikuskatzen du benetan kudeaketa egin behar den bezala egiten ari direla? Enpresek? Bere etekin ekonomikoan besterik ez dute pentsatzen!! Administrazioak? Honek, Azkoitiko eta Zaldibarko kasuetan, bere lana ez duela ondo bete erakutsi digu. Azkoitian ez zuten ezertarako balio izan Udaletik irekitako espedienteak hondakin arriskutsuak lurperatzen ari zirelaren ebidentzien aurrean (gogoratu, besteak beste molibdeno, substantzia kantzerigenoa,  eta beruna, biak kopuru onartezinetan halako instalazioetan). Gainera, kasu honetan gauzak harantzago doaz, badirudi Hierros Eginoren zabortegi haren sozio kapitalista IHOBE S.A. izan zelako, Ingurumen Saileko sozietate publikoa. Administrazioa bera enpresako sozioa zen baina ez zuen ezer egin honen kudeaketa zaintzeko. Zabortegia itxi zen, enpresa desegin, baino hondakin toxiko horiek hor egongo dira azkoitiarrokin betirako.

Horregatik ere kudeaketa kaxkar hau berriro gerta zitekelaren kezka dugu: egunero enpresaren ordezkariak ikuskatu behar omen ditu biltokia, lurra eta sarrerako instalazioak; gainera, hiruhilero uraren instalazioa. Non egongo da administrazioa? Badakigu noizean behin ikuskari batzuk izango direla bertan, baino normalean, ezer arrarorik gertatzen ez denean behintzat, aurretik abisatuta egiten dira bisitak.

  • Geolanek idatzitako “Subsanación de las desviaciones detectadas al documento ambiental para la autorización como gestor de residuos”, hau irakur genezake 20. orrialdean, instalazioetan erabiliko den kudeaketa sekuentziari buruz:

“LARKE solicitará a cada cliente y por cada residuo un pequeño análisis del contenido en residuos (podrá hacerse telefónicamente) y humedades (el residuo admitido estará seco). En caso de que LARKE lo estime necesario, con anterioridad de la admisión de un residuo, se le solicitará al productor la realización de una prueba de caracterización, para así poder asegurar la viabilidad de gestión de ese residuo.

Posteriormente, se contrastará dicha información con una inspección ocular”.

Hau horrela izanda, ezin dugu esan sistema zorrotz bat erabiliko duenik jasoko eta kudeatuko dituen hondakinak %100ean ez arriskutsuak direla ziurtatzeko.

  • Eta pixkat aurrerago,  21. orrialdean, paragrafo hau ageri da :

“Tanto la Solicitud de Admisión que compete a productor, como el Documento de Admisión que compete al gestor son tramitados mediante el Sistema IKS-eeM. En caso que el productor no realice el uso de dicho sistema, se realizará un Contrato de Tratamiento entre las dos partes.”

Ulertzen dugunez (barkatu, ez gara espezialistak eta ez gaude trebatuak), hondakinen ekoizleak ez badu erregistro sistema ofiziala erabiltzen kontratu bat sina dezake Larke 360 SL enpresarekin honek hondakin horiek kudea ditzan. Zeinek ziurta dezake kasu honetan hondakin horiek benetan “ez arriskutsuak” direla? Enpresak berak? Berriro ere administrazioaren hutsunea somatzen dugu hemen. Ate asko erdi irekita uzten dituela iruditzen zaigu.

  • Aurretik azaldutako guztiagatik, uste dugu ez dagoela ziurtatuta instalazioen kudeaketa zurruna. Eta ingurumena zaintzea eta herritarron osasuna bermatzea denez gure helburuetariko bat, PROPOSATZEN DUGU Azkoitiko udaletxean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak izan behar dutela eskuragarri ikuskaritza eta kontrol plan osoa (erakunde publikoak, IHOBE, Osalan…) eta hau betetzen denaren egiaztatze bisitak egiteko aukera.
  • Ingurumen Zuzendaritzak herenegun kaleratutako ebazpenean, Larke 360 SL enpresak kudeatuko dituen zerrenda zabal bat azaltzen da. Hemen zerrenda horretatik ateratako material batzuk (Hondakinen Europar Zerrendako kodea, hondakin mota eta kopuruak, tona/urte):

Ontziak (udalerrietako gaikako bilketetako ontzien hondakinak barne). 

– 15 01 01 Paper eta kartoizko ontziak 170 t/urte.

– 15 01 02 Plastikozko ontziak 170 t/urte.

– 15 01 03 Zurezko ontziak 170 t/urte.

– 15 01 04 Ontzi metalikoak 170 t/urte.

– 15 01 07 Beirazko ontziak 170 t/urte.

– 17 02 03 Plastikoa 3.092 t/urte.

Nahasketa bituminosoak, harrikatz-mundruna eta beste produktu mundruneztatu batzuk. 

– 17 03 02 Nahasketa bituminosoak, 

  •  17 03 01 motakoez bestelakoak, 10.000 t/urte.

Metalak (euren aleazioak barne). 

– 17 04 01 Kobrea, brontzea, latorria 31 t/urte.

– 17 04 03 Beruna 31 t/urte.

Gaika jasotako frakzioak (15 01 azpikapituluan zehaztutakoak salbu). 

– 20 01 01 Papera eta kartoia 1.785 t/urte. 

– 20 01 02 Beira 1.785 t/urte.

– 20 01 10 Jantziak 1.785 t/urte.

– 20 01 11 Ehunak 1.190 t/urte.

– 20 01 39 Plastikoak 1.785 t/urte.

Bestelako udal-hondakinak. 

– 20 03 01 Udal-hondakinen nahasketak 100 t/urte.

– 20 03 03 Errepide-garbiketako hondakinak 100 t/urte.

Hau horrela izanik, atzo EAJ, PSE-EE eta Azkoitia Bai-ko ordezkariek argitaraturiko oharraren 2. eta 4. puntuetako informazioa ez dela guztiz zuzena iruditzen zaigu. Laugarren puntuan azaldutako hondakinen zerrenda (“besteak beste” adierazten zen) agian oso motz gelditu da. Goian argi ikusten da “askotariko hondakin ez arriskutsuen” kudeaketarako instalazio hauetan benetan askotarikoan pentsatzen dutela. Zerrendan eraikuntza eta eraispenetatik ez datozen hondakinak ere ageri dira. Ez dute agian instalazioak kudeatuko dituen kopuru altuena osatuko, baina helduko dira.

  • Ebazpen berean irakur dezakegunez, aurkezturiko dokumentazioa lehen faseko instalazioei eragiten dio soilik. Geolanek prestaturiko “Subsanación de las de las desviaciones detectadas al documento ambiental para la autorización como gestor de residuos” txostenean dauden planoek eremu zabalenean (21.517 m2) nahasketa (baimenik ba al du???), hormigoia eta egur birrinduarentzako guneak erakusten dituzte. Hormigoiz estali behar diren lur horietan, beraz, badirudi nahasketak bilduko direla gehienbat. Badirudi, zehaztu gabe dagoelako. Bi eta lau urte bitarteko epea beharko dute gune horiek egokitzeko. Ikusiko dugu orduan zer gertatzen den. 

Beraz, honen aurrean naturala eta ulergarria iruditzen zaigu azkoitiarrok izandako erreakzioa. Are gehiago murgilduta gauden egoera ikusita, horrelako albiste baten aurrean xehetasun zuzenak izatea oso zaila suertatzen delako (kasualitate hutsa?). Alde batetik, lasaiago gaude EZ delako zabortegi bat izango. Bestetik (dokumentazioa irakurtzeko denbora juxtua izan dugu) oraindik geure kezkak dauzkagu hondakinen kudeaketa benetan era egokian egingo den. Barkatu gehiegizko zuhurtziaz jokatzen badugu (agian mesfidantza deituko diozue) baina zoritxarrez Euskadin hondakinen inguruan montatu den negoziotik heltzen diren albisteak horrela egin behar dugula erakutsi digu.

UROLA BIZIRIK NATUR TALDEA

Ingurumen osasuntsu baten alde lanean

Azkoitian, 2020ko apirilaren 8an.

%d bloggers like this: