Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna

Gaur, maiatzak 22, Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna da. Egun Euskadiko biodibertsitatearen arrisku handienetarikoa eukaliptoen landaketak dira. Azpian gai honen inguruan Naturkonek, Gipuzkoako Talde Naturzaleen Elkarteak, argitaratu duen testua eta bideoa ikus ditzakezue.


Biodibertsitatea babesteko, eukaliptoak… Australiara!

Maiatzaren 22an Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egun bizi dugun krisialdi ekologiko globalaren arrazoi eta ondorio nagusia da biodibertsitatearen galera, eta besteak beste, koronabirusak eragindako pandemiak erakusten du galera horrek guretzat (ere) dituen arriskuak.

Zientzialarien arabera espezieen 6. iraungipenaren (desagerpenaren) garaian gaude. Dakigunez, neurri horretako biodibertsitatearen galera kontzienteki eragingo duen lehen espeziea gara. Hainbat dira horren ebidentziak planetaren txoko ezberdinetan, eta gurean ere, begi bistan ditugu. 

Euskal Herriaren ingurune naturala, gizakirik ezean, basoek osatuko lukete ia lurralde osoa. Harizti mistoak eta artadiak ikusi beharko genituzke gure haranetan nonahi, eta pagadiak goraxeago, mendi aldera. Baso horiek dira bertako aberastasun biologikoaren euskarria eta horien kontserbazio-egoerak baldintzatuko du gure biodibertsitatea bera. Alegia, berezko basoa galtzen dugun heinean, galdu dugu eta galduko dugu bertako bizitza: Euskal Herriko biodibertsitatea.

Hau jakinda, ulergaitza da azken urteotan, batez ere, Bizkaian eta Gipuzkoan gauzatzen ari den baso-politika. Gure paisajea guztiz eraldatu duen pinudien krisian murgilduta gaudela, egoera hausnarketarako eta aldaketarako baliatu beharrean, krisia eragin duen monolaborantzan oinarritutako baso-kudeaketa intentsiboari eusteko aterabideak bilatzen jarraitzen du egurgintza sektoreak; beti bezala, Aldundien babesarekin. Pinua eukaliptoarekin ordezkatzen ari dira han eta hemen, adibidez Bizkaian, zuhaiztun eremua ia %60a izanik, %17a gainditu dute eukalipto-landaketek, baso autoktonoek %25a inguru baino hartzen ez duten bitartean.  

Izan ere, eukaliptoa landare exotiko inbaditzailea izateaz gain, ingurumen eragin larriak sortzen ditu: lurra lehortu, haren egitura fisikoa eta kimikoa eraldatu, suteak erraztu… Alegia, bertako biodibertsitatea zuzenean jotzen du, kaltetuz eta galduaraziz. Eukalipto-landaketen ingurumen kalteak pinudienak baino askoz handiagoak dira. Portugal edo Galizian gertatukoa ikustea besterik ez dago gurean nolako arriskuak hartzen ari garen pentsatzeko. Eukaliptoaren hedapena eragiten ari den baso-politika hau onartzea, sustatzea edota diruz laguntzea onartezina da. 

Nazioartetik zetorren haizeari jarraituz, Lehendakariak klima larrialdi egoera izendatu zuen aurreko udan. Berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketen murrizketan jarri da arreta. Beraz, horri ere erantzuteko, bada garaia berezko basoen alde egiteko, are gehiago, ikusita bizi dugun osasun krisi honen aurrean bioaniztasuna dela daukagun txertorik eraginkorrena. Eukalipto-landaketak ez dira basoak, ez dira bertakoak, eta bioaniztasuna kaltetzen dute. 

Horregatik guztiagatik,  eukalipto-landaketa industrialak gelditzeko eskatzen dugu:

– Aldundiek  landaketa horiek geldiarazi (diru-laguntza guztiak ukatuz: pistak, makinak, mantenua…), ingurumen kalteen ordainak eskatu, araudiak aldatu eta baso-politika berriak planifikatu eta gauzatu ditzatela. 

– Jabeek (publiko zein pribatuek) lurrarekiko errespetutsuagoak diren erabilerak lehenetsi ditzatela. 

– Gizarteak, mezu hau zabaltzen lagundu dezala: hemen ez dugu eukaliptorik nahi.

Eukaliptoak Australiara!

Eta hemen beste bideo interesgarri bat (10:44):

%d bloggers like this: