Aurreko asteartean gure taldeko bi kidek salaketa sartu zuten Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan, Donostian duen egoitzan.
Salaketa egitea ez da gauza arina, prozedura administratibo konplexu bat hasten delako, denbora luzea iraun dezakena. Halere, Urola Bizirik Natur Taldeak, egoeraren larritasunaz kezkatuta eta zer dimentsio hartzen ari den ikusita, zuzenean Fiskaltzara jotzea erabaki du.
Salaketak Azkoitian dagoen jarduera ekonomiko ilegal/alegal batek sortzen dituen hondakinei buruzkoa da. Jarduera honek prozedura ilegalak erabiltzen ditu bere egunerokotasunean, “birziklatu” beharreko hondakinak errez.
Egoera honen testigu dira inguruan bizi diren bizilagunak, gauero sua ikusten dutelarik eta goizero arnastu ezin daitekeen ke batez inguratuta azaltzen direlako. Beraz, alde batetik arazo ekologiko serioa da: egoera kezkagarrian dago eremu horretako lurra eta, bertako basoan eta inguruko errekako uretan jarduerak izaten ari den inpaktua oraindik neurtu gabe badago ere, begibistan dago ez direla hartu beharreko neurriak hartu. Bestalde, osasun arazoa ere bada, bertako bizilagunek goizero behelaino kiratsu bat arnastu behar dutelako.
Bizilagunek ere egoeraren berri aspaldi eman bazuten ere, hau ez da zuzendu, jarduera ez da eten. Horregatik hartu du taldeak salaketa Ingurumen Fiskaltzan egiteko erabakia. Ikusiko dugu zer urrats ematen dituen honek hemendik aurrera.
Bukatzeko, gogoeta txiki bat egin nahi dugu, egoera honen aurrean bizi izan dugun errealitateari buruz. Gogorra egiten zaigu ingurumen arazo bati buruz Administrazioko erakunde ezberdinetan berri ematea eta denbora bat pasa eta gero arazoa jarraitzen duela ikustea. Galdera asko egiten dizkiogu geure buruari: Ez al du Administrazioak hiritarraren eskubideak (osasun, ingurumen egokia…) zaindu eta babestu behar? Hiritarren esku jarritako tresnak eta legeria benetan eraginkorrak al dira? Oraindik dena balio al du ekonomian?
Gure moduan ere beste hainbeste hiritar eta eragile, antzeko galderak egiten ari dira orain. Hor dituzue komunikabideetan azaltzen diren albisteak Ingurumena zaindu behar dutenen esku jartzen diren baliabideez kezkatuta (hau adibidez). Zer esanik ez guztiok ezagutzen dugun zabortegiaren erorketaren aurretik egindako salaketen eraginaz. Azken finean, iruditzen zaigu Ingurumenaren babesa ez dagoela oraindik errotuta gure gizartean, eta gure Administrazioa horren adibide garbia dela. Euskadiko Justizia Administrazioaren ataria kontsultatzera gonbidatzen zaituztegu (www.justizia.eus). Ikusten al duzue nonbait Ingurumena? Azaltzen al da nonbait hiritar batek nora zuzendu behar den ingurumen salaketa bat egiteko? Euskadin ez al ditugu ba delitu ekologikoak?