Astean 5 gramo plastiko jaten ditugu

Albistea ez da berria baina bai oso adierazkorra. World Wildlife Fund (Munduko Natura Funtsa) 2019ko ekainean jakitera eman zuenez, plastikoz inguratuta bizi gara eta, konturatu gabe bada ere, plastikoa jaten ari gara egunero.

Albiste tristea eta kezkagarria aldi berean. 1950. hamarkadatik aurrera plastikoa hedatzen hasi zenetik material honen benetako inbasioa pairatzen ari gara. Ingurune guztiak estali ditu, munduko puntu altuena (Everest), edo sakonena (Mariana uharteetako fosa), libratzen ez direlarik.

Eskaintzen dituen aukerengatik material izugarria bada ere, plastiko guztiak ez dira birziklagarriak eta gizakiak ez ditu ondo kudeatu. Orain arte gutxi gorabehera 8500 milioi tona plastiko produzitu badira ere, horietatik %80 inguru zabortegietan dago eta %10 birziklatu da soilik. Estatuan ekoizten den plastiko guztiaren %40 baino gutxiago birziklatzen da.

Kudeaketa penagarri honen ondorioz plastikoa edonon dago: uretan aurkitzen dugu eta animalia espezieen kate trofikoan sartu da, eta hortik gure organismoan sartzen ari da, edaten dugun uraren bitartez edo jaten ditugun arrainen bitartez, adibidez. Zer ondorio izan ditzake plastiko kontsumo honek gizakiongan? Ikusteko dago.

Gai honen inguruan gehiago jakiteko, klikatu hemen. Eta WWFren txostena irakurri nahi baduzu, azpian duzu.

%d bloggers like this: