Ura, giza eskubidea

Gure planetan esistitzen diren bizitza forma guztien jatorria itsasoetan dago. Han sortu zen bizitza, uretan. Likido hau bizitzaren oinarria da eta ezingo genuke bera gabe bizi. Gure organismoaren zati handiena, %70 inguru, ura da. Beraz, gehien bat ura gara.

Urtea oso berezia izan da eta oso albiste txarrak ekarri badizkigu ere, urtearen amaieran irakurri dugun albiste batek gure kezka handia piztu du: abenduaren 7tik Kaliforniako ura burtsan kotizatzen hasi da. Finantzen munduan murgilduta bizi direnentzat albistea ez da sorpresa handia izan. 2018an Kalifornian indize bat sortu zen uraren kontsumo eskubideak erregulatzeko. Honen izena Nasdaq Veles California Water Index, edo NQH2O. Azken urteotan munduko bostgarren potentzia ekonomikoan gertatzen ari den idortea dela eta, ura baliabide eskasa bilakatu da bertan, eta honetan interesak dituzten enpresak eta partikularrak (industriak, nekazariak, abeltzainak…), ezinbestekoa ikusi zuten etorkizuneko beharrak asetuta izatea. Horregatik, etorkizunean uraren erabilpen eskubidea izateagatik prezio bat finkatzea ez zen gaizki hartu. Baina honela, gehien ordaintzeko prest dagoena uraren erabilpen eskubideak eskuratutzen ditu, bitartean besteak egarri direlarik.

Iturri ezberdinetan irakurri ditugun ikuspegiak oso baikorrak dira, harturiko neurria baliabidea hobeto kudeatzeko balio duelakoan. Hau da, baliabidea eskasa denez, erregulazio eta kudeaketa hoberena izateko merkatuaren esku uztea omen da neurri egokiena. Merkatua hitz oso aseptikoa da, baina horren atzean “enpresak eta inbertsoreak” jartzen baditugu, hobeto ulertuko dugu baliabidea, azken finean, diru-gosearen eskutan erori dela.

Albisteak, ez gaitu, beraz, kezkatu behar? Chicagoko Burtsan kotizatzeak esan nahi du uraren merkatu ofizial bat sortu ez bada ere, baliabide honen prezioa espekulazioaren menpe gelditzen dela. Prezioa ez da bakarrik baliabidearen urritasunarekin lotzen, baizik eta espekulatzaileen intentzioen esku gelditzen da. Mugimendu espekulatzaileek prezioa goratu dezakete, horretarako arrazoirik ez baleude ere. Wall Streeteko broker eta magnate finantzario ezberdinek 2018an jada inbertsioak egiten hasi ziren uraren “negozioan”, horretan bilakatu delako, negozio batean.

Argi dago ura baliabide urria dela, ez dirudi arren. Planeta urez estalita badago ere, ur guztiaren %97,5 ur gazia da eta %2,5 bakarrik da ur geza. Ur geza honen %69 izotz moduan dago poloetan eta glaziarretan; beste %30 akuiferoetan aurkituko genuke eta %1 bakarrik, bai %1, arro hidrografikoetan, hau da, ibaietan eta lakuetan. Gainera, ur horretatik %0,007a bakarrik egongo litzateke erabilpen zuzen baterako prest. Horrela ikusita, ura oso urria da, metal preziatuak bezain beste. Azken finean, benetako altxorra. Eta, horregatik ere, negozioak egiteko baliabide paregabea.

Altxor honen erabilpena espekulazioaren bitartez hobeto kudeatuko dela adieraztea faltsukeria handia da. Akaso “merkatua” (kafea, kakaoa, garia, artoa, arrozarenak…) munduko gosearekin amaitu al du? Akaso ekoizle askoren pobreziarekin amaitu al du? Chicagoko Burtsan elikagai ezberdinen prezioa ezartzen dutenak aberasten diren bitartean, FAOren (Nazio Batuetako Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundea) arabera, 800 milioi pertsona inguru gosez bizi dira planetan. Honek esan nahi du munduko biztanleriaren %9 ez duela ziurtatuta bere eguneroko elikadura. Eta, aitzitik, urtero 1300 milioi tona janari isurtzen ditugu, ekoitzitakoaren heren bat, gutxi gora behera. Hau al da merkatuaren ekarpena kudeaketa zuzena lortzeko? Merkatuaren eta burtsaren lehentasuna ez da kudeaketa hobeagoa lortzea, baizik eta etekin ekonomikoa eskuratzea. Beste guztia helburu honen azpitik dago. Eta horregatik kezkatu behar gaitu albisteak.

Duela hamarkada batzuk enpresa eta multinazional handiek organismo biologiko askoren genomaz jabetu ziren. Horrezkero, nekazariek eta abeltzainek ezin dituzte betidanik erabili dituzten espezieak erabili orain enpresa horiei eskubide batzuk ordaintzen ez badizkiete. Naturan dagoenaz jabetu dira eta copyright eskubidea ordaintzera behartu die. Nola liteke?

Uraren kotizazioaren albistea begionez hartu dutenek ez dagoela ezertaz kezkatzerik diote, momentuz Chicagoko Burtsako kotizazioak Kaliforniako erabiltzaileei dagokielako soilik. Munduko beste tokietan aplikatzea oso zaila omen da, ez baitaude baldintza klimatiko berdinak eta ura batetik bestera kantitate handietan garraiatzea ezinezkoa delako. Momentuz. Baina zer pentsatuko genuke Kaliforniak pairatzen duen idortasuna munduko beste hainbat tokietara zabalduko balitz? Zientzialariek iragarri zuten aldaketa klimatikoa hemen da, bizitzen ari gara, eta denok ondo dakigu zer ekarri digun. Aurreikuspen guztiek diotenez, lehorteak askoz ugariagoak izango dira eta euri fenomeno bortitzak ere. Hau da, denboraldi luzeetan ez dugu euririk izango eta gero, bapatean, ur jasa ikaragarriak izango ditugu. Honela, ura ez da baliabide egonkorra izango eta egoera horrek ere guregan espekulazioari ateak irekiko dizkio.

Egun merkatuek egin dutena lehen urratsa besterik ez da izan. Panorama aztertu dute eta etorkizun hurbil baterako posizioak hartzen ari dira. Merkatua ez da inozoa diruari dagokionean, baina ez du arimarik. Ura balioko duena ordaintzen dutenentzat izango da soilik. Eta etorkizun batean, atmosferak duen kutsadura ikusita eta oxigenoa baliabide urria bilakatuko delaren iritziarekin, merkatuak baliabide honen kudeaketa ere hobetu nahi izatea, fikzioa izan daiteke? Ikusiko da.

%d bloggers like this: