Basoa eta ibaia Gipuzkoako ikur dira: Zer baso?, eukaliptoenak? Zer ur?, plastikoz gainezka dauden ibaienak?
Datorren larunbatean, hilak 17, goizeko 11:15enetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean Gipuzkoako natur taldeok elkarretaratze bat egingo dugu erakunde honek probintziaren natur baliabide eta biodibertsitatearen aurrean daraman politikan norabide-aldaketa bat aldarrikatzeko.
Ibaietan aurkitzen dugun hondakin kopurua, isurketak, gure Parke Naturalen kudeaketa eza, gure mendiek pairatzen ari diren “garbiketa” basatiaren… eta abarren kontra protestatzeko bilduko gara Naturkonek deituta, Gipuzkoako Natur Elkarteen Koordinadora.
Gure lurraldearen ingurumenak izugarrizko presioa ari da jasaten azken urteotan eta, pandemia hasi denetik, oraindik eta altuagoa da, mendi, tontor, baso, txoko… guztiak jendez, bizikletaz, kotxez, furgonetaz, autokarabanaz… bete baitira. Natura eta ingurumena zein garrantzitsuak diren somatu dugu eta, aldi berean, ez gara konturatzen gure arduragabekeriek zenbat ari diren kaltetzen.
Aldundiari eskatu nahi diogu legeria bete eta betearazi dezan. Zertarako ezarri marko juridiko bat gero ez bada betetzen? Badirudi ingurumenetik interesatzen zaigun bakarra irudi politak direla, geure promozio turistiko-politikorako. Dugun ondare naturala kontserbatzeko ezarri da, geuretzat eta geure ondorengoentzat. Egoera honetan jarraituz gero, hurrengo belaunaldiek ziurtatuta izango al dute inguru osasuntsu bat? Mendietara begiratu besterik ez dugu egin behar… Agian hemendik denbora batera Gipuzkoako ikurrean azaltzen diren zuhaitzak ere moztu beharko ditugu eta uren ordez plastiko batzuk jarri, hori baita gure lurraldeak daraman bidea.