Ezkur bilketa

Gaur goizean Loiolan talde polita bildu gara Naturkonek (Gipuzkoako Natur Elkarteen Koordinadora) eta Lurgaia Fundazioak deiturik, hazien bilketa eta tailer bat egiteko asmoz.

Aitor Leiza, Naturkoneko kidea, izan da saioa gidatu duena. Bertako basoei buruzko liburuxka banatu ondoren, basoen egoerari eta garrantziari buruz mintzatu da. Era berean, Lurgaia Fundazioak egiten duen lanaren helburuak zehaztu ditu.

Informazio eta aholkuen ondoren Loiola inguruan dauden haritz kandudun (quercus robur) zoragarri batzuetara hurbildu gara ezkurrak jasotzera. Haritz kanduduna eta amerikarraren arteko diferentziak ezagutu ditugu, okerrezko ezkurrak ez jasotzearren. Haritzentzat hain urte ona izan denez, ez dugu arazorik izan poltsa batzuk betetzeko.

Amaitzeko, taldeko hainbatek gaztaina, ezkurra edota erramu haziak landatzeko aukera izan dute. Etxean goxo-goxo zainduko dituzte eta hazi horien ernalketa jarraituko dute gertutik.

Aitorrek basoen kontserbazioaren garrantziaz mintzatu denean Lurgaia Fundazioaren lana azpimarratu du. Fundazio hau, Gipuzkoan lanean hasi berria dena, Bizkaian oso errotuta dago eta Undabason, Urdabaiko Biosfera Erreserban, Bizkaiako harizti mistorik handiena osatzeko lanetan ari da. Gipuzkoan ere asko egin daitekeela adierazi du, “lur zaintzailetza” (custodia del territorio) figura erabiliz. Egun pinu plantazioek bizi duten egoerarekin, bertako baso mistoaren azalera handitzeko aukera handiak irekitzen direla esan du. Gaur jasotako ezkurretatik ernatuko diren haritzak agian epe labur batean gure probintziako hainbat eremutan landatzeko aukera izango dugu. Ea horrela den!!

%d bloggers like this: