Munoaundiko tontorra, Burdin Aroko herrixkaren kokagunea
Azkoitiko Udalak eta Urola Bizirik Natur Taldeak Munoaundiko herri lurretan bertako baso baten garapena eta mintegi baten sorrera hitzartu ondoren, lanei ekin dio gure taldeak. Hektarea bateko eremua da, eguteran dagoena, pistaren ondoan, eta inguru pribilegiatuan: Burdin Aroko herrixka baten aztarnategiaren ondoan, herritik gertu eta azkoitiarrontzat azken bi urte hauetan pasira egiteko eta aisialdirako gune preziatua bihurtu dena.
Udalak bertan zegoen pinutegia moztu eta eremua egokitu ondoren material ezberdina pilatzen joan gara bertan. Duela hilabete inguru ondoko urki plantazio bateko babesak eskuratu genituen jabearen baimenaz. Ur deposito bat ere kokatu dugu, mintegian landatuko ditugun zuhaitzek denbora batean uren beharra izango dutelako. Era berean, mintegiko itxitura ere ia bukatuta utzi dugu.
Garai aproposan gaudenez, laster hasiko gara landaketekin. Deialdi irekiak egingo ditugu, nahi duten herritarrak hurbildu daitezen. Lehenengo deialdia, eguraldiak lagunduko balu, otsailaren 12an izango da. Egun horretan 50 zuhaitz inguru landatzeko asmoa dugu.