Planetaren eta gizateriaren etorkizuna ziurtatzeko ezinbestekoa da energiaren eredua aldatzea. Energia berriztagarriek hartu behar dute jasangarriak ez direnen lekua. Munduko herrialde eta erakunde gehienek aldaketa honen aldeko apustu garbia egin dute. Baina energia “green” honen aldeko apustua zurrunbilo bihurtzen ari da eta arriskua dago haize hauek energia garbia sortu beharrean beste ondorio batzuk izatea ere.
Gure inguru gertuenean aldaketak behar direla argi dago, eta honen arian ari dira ugaltzen proiektu ugari. Jakin berri dugu, Green Capital Development 65 SLU enpresak lau haize errotako industrialdea jarri nahi duela Oleta gaina inguruan: 3 aerosorgailu Zumarragan eta 1 Azkoitian.
Hasteko, komeni da jakitea Green Capital delako enpresa hori Madrilekoa dela eta bere administratzaileak direnak edo izan direnak ehunka proiektuetan hartzen dutela parte, estatu osoan zein kanpoan. Alegia, ez da gure herrian errotutako eta gure herriaren garapenari begira dagoen enpresa.
Hori argituta, bigarren galdera da zergatik proposatzen duen Oleta gaina. Galdera hau egitea ez da erraza, gure herriaren begirada dugunontzat. Eskala kontua da: galdera hau egiterakoan, Euskal Herria daukagu guk gogoan, alegia, Tapiari sailburuari galdetuko genioke zergatik Oletan eta ez EAEko beste eremu batean? Tapiak baina, ezin dio galdera hori bideratu enpresa horri: enpresa horrek ez duelako tokian-tokiko garapenari begira lan egiten. Enpresa horientzat euren negozioak bideragarri egiten dituen edozein leku da balekoa.
Azkoitiarrok eta Zumarrakook, ordea, gure ingurunea dugun bizitokia zaintzea dugu eginbeharra. Beraz, gure administrazioei galdetzea dagokigu. Zergatik Oletan eta ez EAEko beste lekuren batean? Zehatzago esanda, zeren baitan erabakiko du Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak kokapen hori, EAEn beste edozein kokapen baino egokiagoa dela?
Kontuan hartuko dira EAEko haize korronteen mapak kokapen hori besteren bat baino egokiagoa dela argudiatzeko? Kontuan hartuko dira Azkoitiarren edo Zumarrakoen energia-beharrak kokapena justifikatzeko? Eremu horren erabilera eta atxikipen kulturalari begiratuko zaio beste edozein kokapenetik lehenesteko? Ondare naturalari eta bioaniztasunari egingo zaion kaltea, alderatuko da beste kokapenetan eragingo lukeenekin?
Bukatzeko: justifikatuko da parke eolikoaren bidez, energia eolikotik energia elektrikoa ekoizteko instalazioa baimentzerakoan, jatorri fosileko zenbat energia eta zein jatorriko energia ordezkatuko den?
Galdera hauei erantzun ezean, ezin da hitz egin EAEn krisi klimatikoak eragindako kalteen aurrean eman beharreko erantzun arduratsuez. Ekimen pribatuko azpiegitura erraldoi hauek izugarrizko kaltea eragiten dute natur ingurunean. Parkea egiteko, 180 metroko altuera hartuko duten errota erraldoi horiek egiteko, gutxienez 6 m zabaleko pistak eskatzen dituzte kamioiak eta bestelako ibilgailuak aurrera eta atzera ibiltzeko. Errota horiekin sortutako energia, ondoren, sarera eraman behar da eta horrek ere bestelako azpiegiturak eskatzen ditu.
Kalteak, baina, ez dira azpiegituren eraikuntza-fasean bukatzen. Eraiki ostean, pista horiek ez dira leheneratzen eta mendian eragindako arrakalak betikotzen dira. Hegaztientzat eta saguzarrentzat, esaterako, arrisku bizia eragiten dute errota erraldoi horiek. Gainerako basabizitzarentzat, parke horiek euren bizilekua apurtzen dute, euren ibilbideak aldatzen dituzte. Guretzat ere ez dira samurrak. Bistarentzat ez ezik, belarrientzat ere mingarriak dira errota erraldoi horiek haize handia dabilen egunetan.
Kalte hauek guztiak ezin dira justifikatu ekimen pribatuko enpresa batek, administrazioarekin elkarlanean, eskuratu nahi dituen diru-laguntzen baitan. Gure lurretan horrelako zauriak eragiteak, EAE mailako justifikazioak eskatzen ditu; trantsizio energetikoa ezin da egin enpresa pribatuek bilatzen dituzten aukeren baitan. Oleta gaina industrializatzeko, erantzun asko eman behar ditu administrazioak. Gure ikuspegitik, ezin dugu onartu halako erasorik gure mendietan.
Eta are gutxiago jada ekologiaren izenean gure udalerriko lurretan hondakin planta baten makroproiektua ezartzeko asmoa erakutsi zuenean enpresa batek, kasu honetan etxekoa. Oraindik airean dagoen proiektu honek argi erakutsi zigun “green” adjektiboa daramaten proiektuek ez daudela ikuspegi ekologikotik planteatuta, baizik kapitalaren ikuspegitik. Trantsizio energetikoaren bidean eredu ezberdinak daudela badakigu. Egungoarekin pairatzen ari garen egoera ikusita, hiritarrok ez al dugu ezer esateko etorkizunerako nahi dugun ereduaren inguruan?