Azoka, berriro martxan?

Asteazkenean (apirilak 8) iritsi zen Eusko Jaurlaritzaren agindua: baserritarren azokak egitea debekaturik.  Ostiralean (apirilak 10) Azkoitiko Udalak berri hau plazaratu zuen “Bederatzi ekoizle eta baserritarrek etxez etxeko zerbitzua eskainiko dute bihartik aurrera”, betiko bezeroak eta erosleak ez daitezen euren produkturik gabe geratu konfinamendu garai honetan.

Bitartean, larunbatean (apirilak 11) , beste herri batzuetan azokak egin zituzten bertako Udalek baimenduta, hala nola Oñati, Ondarroa, Eibar, Zarautz, Bergara, Donostia (Bretxa)… Betiere segurtasun protokoloak jarraituz, bertako baserritarrak eta bezeroak babestuz eta duten balorea eta egin ona eskertuz. Azkenik, egun berean, 200 eragiletik gora (Udal batzuk barne) azokak berriz irekitzeko eskatu ondoren, Jaurlaritzak azokak egiteko debekuan atzera egin zuen.

Azkoitiarrok ordu ezkero ez dugu Udaletxearen berririk, ez dakigu zein den bere asmoa. Azoka berriro martxan jarri al dute? Agian bai, baina ez dute plazaratu. Itxiera jakinarazi ziguten, irekiera ez? Gure taldeak lehenbailehen informazio hau bere webaren bitartez plazaratzea eskatu dio, egon zitekeen informazio eza argitzeko. 

Baserritarrentzat herriko azoka izaten da produktuak saltzeko leku nagusia eta udalaren eskumena denez, udalak neurriak hartu behar ditu garbitasuna bermatzeko eta jendearen arteko harremana ziurra izan dadin. 

Ez dira garai samurrak Lehen Sektorearentzat: beraiei esker ditugu beharrezkoak diren produktuak, ekologikoenak, osasuntsuenak, gozoenak…

Ostiralean, apirilak 17, Nazioarteko Nekazal Borrokaren Eguna da, baserritarren eskubideen alde hainbat ekintza egiten direlarik. Hona hemen horietako bat, baratza guztien aldekoa. Guk eman dugu izena, eta zuek? Animatzen al zarete? 

Inoiz baino gehiago, Azkoitiko azokara hurbildu gaitezen gure baserritarren produktuak erostera!

%d bloggers like this: