Ehizaren kudeaketa Gipuzkoan

NATURKONek, Gipuzkoako Natur eta Ekologista taldeen koordinakundea, Gipuzkoako ehiza-kontseiluan izandako bileraren ondoren argitaraturiko prentsa-oharra.

Urtean behin ehiza-kontseilua deitzen du Gipuzkoako Aldundiak. Bilera horren helburu nagusia izaten da urtero onartu behar den Ehiza-Agindua eragile ezberdinekin partekatzea, aurtengo bileran garrantzia berezia hartu badu ere basurdeen ugaritzeak landa eremuan eragin dituen kalteen kudeaketak.

Bilera horretara deitzen dituzte Aldundiko arduradunek Ehiztarien Federazioa, nekazaritza-sindikatuak, Arantzadi Zientzia Elkartea eta Naturkon, Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten ordezkariak. Berez, osaketa egokia eta orekatua dela pentsa liteke interes ezberdinen defentsari begira: basa-bizitzaren ustiapena, heriotza, jardunbide duten ehiztariak, basa-bizitzaren kalteak bizi dituzten baserritarrak, basa-bizitzaren defentsa helburu dugun natur kontserbazionistak eta ikertzaileak eta administrazioa, auzi honen ardatz teknikoak izan beharko luketenak.

Kontua, ordea, oso bestelakoa da. Ehiza ez da bioaniztasunaren ikerketatik ateratako ondorioen baitan kudeatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duelako bioaniztasunaren kontserbazioa lehenesten. Ondare naturala, eta beraz, bioaniztasuna, eskubide modura aitortzen zaigu, baina ez da printzipio horren baitan arautzen eta kudeatzen. Ehizarako eskubidea lehenesten du Aldundiak eta ehizari jarri behar eta nahi zaizkion mugak ahalik eta txikienak izateko justifikazioak eraikitzea izaten da Aldundiko ordezkarien jarduna.

Ehizarako eskubidea ez da auzitan jartzen. Eskubide historiko eta unibertsal modura defendatzen du Ehiztarien Federazioak. Zientziaren itxura ematen dio bere diskurtsoari, inoiz bistaratzen ez dituen ikerketa independenteen eta handik eta hemendik jasotako ebidentzien izenean. Ehizarako eskubideak ikutuezinak bailiran defendatzen ditu, eta euren jarduera gizarteari egiten zaion mesedea delakoan, errekonozimendua eskatzen du.

Oso gogorra da ehiztarien federazioko arduradunaren oldarraldia bizitzea, gainbehera bizi duten espezieen alde zer egiten ari diren galdezka ikertzaile eta kontserbazionistei, Aldundiko arduradunak isil isilik dauden bitartean. Ehiztarientzat naturaren zaintza ez da administrazioaren zeregina, natur kontserbazionistona baizik. Harreman zuzena dute Aldundiko ordezkariekin euren “negozioa” kudeatzeko, hor biltzen garen gainerakoak etsaiak edo oztopoa gara.

Aurtengo bileran, basurdeek baserritarrei eragindako kalteak kudeatzeko ehiztariek eta Aldundiak adostutako sistemak baserritarrengan eragindako haserrearen testigu izan gara. Auzi honek erakusten du jatorrian zalantzazko oinarri zientifikoak dituen kudeaketa, edozein ezusteko gertaera esanguratsuren aurrean, zeinen zaurgarria den. Basurde populazioan eragindako kalteak ez ditu inork beregain hartzen, administrazioak ere ez, kalteak baserritarrei eragindakoak bakarrik, baitira.

Egiteko eta pentsatzeko modu hauek aldatu ezean alferrik gabiltza, bioaniztasunaren galera saihestezina izango da. Pentsamendu garaikideak ez du ehiza eskubide bezala onartzen, anakronikoa da jarduera hau, eta beraz, ehiza kudeatzeko modua errotik aldatu behar da.  Ikerketa zientifikoetan oinarrituta eta seguritatea bermatuko den eremuetan, ehizak kaltetzen ez dituen edota ehizaren bidez kontrolatu behar diren espezieentzat soilik baimendu beharko litzateke ehiza. Ehizarekiko ikuspegia errotik aldatu behar du administrazioak. Legeak, araudia eta kudeaketa eredua; dena aldatzeko dago, inoiz baino modu larriagoan bizi dugun krisi ekologiko honek aterabiderik izango badu.

Naturkoneko webgunean irakur daiteke idatzia.

%d bloggers like this: