Zuhaitz landaketa aldarrikatzailea

Ostiralean, Urola Bizirik Natur Taldeko kideok zuhaitz espezie anitzeko ale batzuk landatu ditugu herritar baten lursailean.

Landaketaren bitartez taldeak baso naturalen garrantziaren aldarrikapen bat egin nahi izan dugu. Inguruan pinu plantazioek jasaten ari diren gaitzaren ondorioz hainbat eremu soilduta ikusten dira, non, askotan, beste zuhaitz espezie batzuen landaketa masiboak ematen ari diren. Espezie horietako batzuk, gainera, zientzialarien esanetan gure ekosistemarentzat kaltegarriak dira. Eredu ekonomizista honen aurrean, Urola Bizirikek bertako basoek jokatzen duten papera azpimarratu nahi izan du. Hauek, zoritxarrez orban txikietan lurraldean zehar sakabanatuak, ekosistemaren euskarria dira, bertako flora eta faunaren babesgune, lurzoruaren euskarri, uraren zikloaren erregulatzaile, gizakiontzako hainbat zerbitzuen hornitzaile… Zer egingo genuke, beraz, basorik gabe?

Batzuk Gipuzkoako “basoen” egoera ona dela adierazten dute, lurraldearen portzentaje handia okupatzen dutelako. Baina Gipuzkoako “baso” horietako gehienak pinu plantazioak dira, eta esku pribatuetan daude, kasu batzuetan jabe handien esku gainera. Baso politikaren helburu bakarra probintziako paper- eta zur-industriak elikatzea izan da. Ez dute, eta hemen administrazioa ere sartu beharko genuke, beste irizpiderik erabili. Eta orain, pinuak jasaten ari den banda marroiaren gaitzarekin, gogoeta sakon bat egin beharrean, eredu berdina planteatzen zaigu alde guztietatik. Baserritarrei eta lurjabeei ez zaie beste aukerarik eskaintzen. Beraz, zer egin pinu-saila bota duzunean? Ba, hauxe: industriak zehazten dituen espezieak landatu, etekin ekonomikoa lortzearren. Lur jabe txikiei ia ezinezkoa egiten zaie beste erabakiren bat hartzea, horretara bultzatzen dituen legeria eta interesak daudelako. Egoera orekatu beharrean eta gizarteko partaide guztien interesak babestu beharrean, administrazioak ez ditu tresna asko sustatu bertako basoak berreskuratzeko. Gainera, tresna horietako batzuk gutxitan aplikatzen dira.

Honen aurrean, gure taldeak erakunde eta eragile guztiei konpromiso serioa eskatu nahi die. Administrazioari interes publikoa defendatzeko; industriari gure ekosistemak arriskuan ez jartzeko; eta hiritarroi, ahal badugu, geure ekarpen txikia egiteko, naturzaleen leloa betez: “Globalean pentsatu eta tokian-tokiko ekin”.

Egindako landaketa hau oso xumea izan bada ere, jarraipena zango du etorkizunean, bertan basotxo bat sortzeko asmoa baitugu. Ederra izango da zuhaitz horiek nola handitzen eta forma hartzen duten ikustea edota urtaroen zikloarekin bere kolore aldaketa hautematea… Kolore guztietako basoak behar ditugulako.

%d bloggers like this: