Panpa-belarraren mehatxua

Duela hilabete batzuk konturatu gara Azkoitiako hainbat gunetan panpa-belarra zabaltzen ari dela. Jakingo duzuenez, espezie hau (Cortaderia selloana) Hegoamerikakoa da, Argentinako Panpakoa hain zuzen ere, hortik datorkio izena. Landarea Espezie Exotiko eta Inbaditzaileen Katalogoan sartuta dago. Honek esan nahi du gure ekosistemarentzat kaltegarria dela. Adibidez, belardien kalitatea gutxitzen du, eta hau baserritarrentzat arazo larria izan daiteke. Katalogoan sartuta dauden beste espezie guztiekin gertatzen den bezala, debekatuta dago landare hau saltzea edo landatzea.

Bestalde, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Plumeroa kudeatzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko estrategia nazionalaren arabera, “Arnas alergiaren kasuak areagotu egin dira” plumeroa loratzen den garaian, eta landare horrek eragin lezake hori; izan ere, data horietan, beste gramineoak polen gutxien duten unean daude.

Gizakia izan da hedapenaren erruduna, lorazaintzan eta azpieguretako obratan eraikitako errotondak eta abar dotoretzeko erabili izan duelako, sor zitzazkeen ondorioetan pentsatu gabe. Horregatik aurkitzen da hainbeste bide eta errepide bazterretan edo herrilanak egin diren guneetan. Hala ere, oso moldakorra denez, askotariko ingurune eta klimatan haz daiteke. Gainera, oso emankorra da, hazi asko ekoizten baititu.

Kantauriar isurialdean eta beste eskualde batzuetan ere, landare hau arazo larria bihurtu da: Asturias, Kantabria, Bizkaia… Bertako erakundeek programa bereziak eratu behar izan dituzte landarearen inbasioari aurre egiteko eta dirutza handia gastatzen ari dira.

Guzti honengatik, eta arazoa handitu aurretik, Urola Bizirik Natur Taldea Azkoitiako Udalarekin kolaboratzen hasi da eta panpa-belarrak kokatzeko mapa bat eratzen ari da. Bi gune garrantzitsu identifikatu ditugu jada herrian. Gauza berdina egin nahi dugu Azpeitian eta Zestoan ere.

Landarearekin amaitzea ez da erraza, bere ezaugarri batzuk kontuan hartu behar direlako:

  • Hosto gogorrak ditu eta ebaki egin dezakete.
  • Mozten bada ere, berriro ernaberritzen da.
  • Sua erabiltzea saihestu behar da, ez baita honekin suntsitzen. Aitzitik, inguruko landaretza naturala ezabatzen du, eta, beraz, panpa-belarra are hobeto garatzen da, lehiarik gabe geratzen delako.
  • Udan loratzen da, uztailetik urrira, eta landareak 100.000 ale sortu ditzake sasoi batean. Beraz, landarea handitu aurretik, loratu eta haziak sortzen hasi aurretik alegia, ezabatzea da egokiena. Eta landarea handia bada, hazi horiek biltzen dituzten mokorrak edo plumeroak moztu aurretik plastiko-poltsa batean sartu behar dira, haziak zabaldu ez daitezen.
  • Beraiekin amaitzeko teknika egokiena errotik ateratzea da, sustraiak gelditzen ez direla ziurtatuz. Produktu kimikoak ere erabili ohi dira, baina inoiz ez ura egon daitekeen tokietan, oso produktu kaltegarriak baitira uretan bizi diren espezieetarako.
  • Beste teknika bat, sastraka moztu ondoren belarren aurkako sarez edo bestelako material opako edo beltz batez estaltzea da. Horrela, argirik gabe eta gehiegi berotuta, ez da ale berririk ernaltzen.

Beraz, landare hauen suntsipena errazteko asmoz, Azkoitian, Azpeitian edo Zestoan ikusten dituzuenen berri ematea eskertuko genuke, horretarako gure sare sozialak (Facebook eta Instagram) edo posta elektronikoa (urolabizirik@gmail.com) erabiliz, landareen kokapena zehaztuz eta, ahal bada, argazki bat ere bidaliz.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: