U30 Aldaketaldiko ibai garbiketa

Gaur goizean Urola ibaiko garbiketari ekin diogu U30 Aldaketaldia ekimenarekin bat eginez. Deialdiari 15 bat pertsona erantzun diogu eta guztion artean Azkoitia sarrerako zubitik San Juaneko zubirainoko ibai ertzak garbitu ditugu.

Izugarria izan da hain tarte txikian atera dugun zaborra. Eta denetatik gainera. Zoritxarrez, garbiketetan elkarri egiten diogun galdera ez da jada “Gaur zer gauza atera ditugu?”, baizik eta “Gaur zer ez dugu atera?”. Gure ibai eta errekak zaborrez beteta daude, eta urak igotzen direnean are eta indar gehiagorekin eta urrutirago daramatzate zabor guzti horiek.

Errealitate honek arazo bikoitz baten aurrean gaudela adierazten digu: alde batetik arazo ekologikoa, ingurumena zikintzen eta kutsatzen ari den zabor guzti horrek ondorio kaltegarriak dituelako ibaian bertan eta, behin itsasora helduta, baita itsasoko ekosisteman ere. Bestalde, arazo zibiko handi baten aurrean ere bagaude. Ibai ertzetatik atera ditugun hondakin horiek ez dira bapatean hortxe sortu: norbaitek bota ditu. Eta hori harritzekoa da 2021. urtean. Gure ume eta gazteek eskoletan ingurumenari buruzko hainbat lekzio, hitzaldi, proiektu eta abar lantzen dituzte. Helduok, une oro irakurtzen, entzuten eta ikusten ditugu gure ingurumenak bizi duen egoera kezkagarriari buruzko albisteak. Horregatik, sinetsgaitza egiten zaigu ibaiak eta errekak hain gaizki ikusteak. Batzuk ez dira konturatzen bere arduragabekeriagatik ingurumena kaltetzen eta, aldi berean, herritar guztion eskubideak urratzen ari direla: inguru garbi eta osasuntsu batean bizitzeko eskubidea dugulako. Noiz arte jasan behar dugu egoera hau? Hain zaila al da hondakinak eta zaborrak dagozkien tokietan botatzea?

Bestalde, kontziente izan beharko ginateke gu naturarekin bat garela eta ingurumenari egiten dioguna bueltan etortzen zaigula, geure buruari egiten baitiogu.

Ibaiak garbitzea ez da arazoaren soluzioa. Konponbidea erraza da eta guztion eskuetan dago: zentzuz jokatzea, arduratsuak izatea eta beste herritarren eskubideak errespetatzea. Esaten den moduan, “Ez da txukunena gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik”.

Era arduratsuan jokatzen ez dugun bitartean, gure taldeak horrelako ekintzak egiten jarraituko du eta herritarron laguntza eskatzen ere. Gaurkoan parte hartu dutenei, MILA ESKER.

Kutsatzerako eskubiderik ez delako existitzen, errespeta ditzagun natura eta herritarron eskubideak: arduratsuak izan gaitezen.

%d bloggers like this: