Thomas Waitz europarlamentaria eta Jose Ramon Becerra, EQUO Berdeakeko kidea
Aurreko albistean esaten genuen moduan aurreko ostiralean, apirilak 8, Thomas Waitz europarlamentari berdea gure eskualdean egon da Lasaoko mendien magaletako “matarrasa” ikusi nahian (zertaz ari garen jakin nahi baduzue, helbide honetan egoera lotsagarri honi buruzko bideoa duzue).
Europarlamentaria komunikabideekin egon ondoren gure taldeko ordezkarien eskutik egin du bisita. Iñaki Eizagirrek eta Aitor Aldalurrek bertan egin diren “matarrasak” erakutsi ondoren gure mendietan eukaliptoaren landaketak eragiten dituen kalteaz mintzatu zaizkio.
Zoritxarrez Gipuzkoako hainbat eta hainbat mendietan ematen ari den errealitatea da, gure ingurumena zaintzearen ardura dutenen itxukeriaren aurrean egunero gertatzen ari dena. Aitzitik, talde eta elkarte ekologistok ezin dugu naturarekiko bortizkeria hau salatzeari utzi. Eta horrela egitea espero dugu ere Thomas Waitz europarlamentariak. Bere esanetan, egin dituen bidaia guztietan ez du inoiz tamaina honetako sarraskirik ikusi. Esaldi adierazgarria, gure erakundeen lehentasunak non dauden argi uzten duena.
Lasaon egon ginen elkarteetako ordezkariok Europatik datozen albiste onak ere jaso genituen. Badirudi Europar parlamentuko alderdi kontserbadoreak ere beste basogintza eredu baten alde egin nahi dutela, aspektu ekonomiko hutsetatik harantzago joanez. Aldaketa klimatikoaren lehenengo agerpen gogorrek erakutsi dute jada iparraldeko basoetan gauzak beste era batera egin behar direla eta basoen balore sistemikoak ere oso kontuan hartu behar direla.
Gure artean ere, antza denez, egurzaleen artean antzeko ideia errotzen ari da, bertako basoen birsortzeari garrantzia handiagoa eman behar zaiola onartzen ari baitira, duela gutxira arte mendia “zikina” zegoela adierazten zuten arren.
Hemen dituzue bisitaren irudi batzuk.
Bukatzeko, helbide honetan Thomas Waitzi egun hauetan egindako elkarrizketa interesantea duzue (gazteleraz).