Ibai garbiketa

Urola Bizirik Natur Taldea, Basoak Bizirik Plataformaren deialdiari erantzunez, Urolaren zati baten garbiketa egingo du auzolanean hurrengo larunbatean, hilak 24.

Gipuzkoako hainbat talde naturzalek eta erakundek ekintza aldarrikatzailea egin nahi izan dugu egun horretan gure lurraldeko ibai-ibilguen egoera penagarria salatzeko. Zoritxarrez oraindik ez dago errotuta gizartean (ezta erakunde askotan ere) ibaiek jokatzen duten paper garrantzitsua. Lurraldearen zainak izateaz aparte, ibai-arroak biodibertsitate anitzeko guneak dira, baina oso mehatxatuta daude urbanizazioagatik, hondakinengatik eta kutsaduragatik. Eremu luzeetan ibaiak baino ubideak dirudite, zementozko hormen artean sartuta doazelako. Besteetan, industrialdeen inguruan, hondakin eta isurketak jasotzen dituzte, euren uren kalitatea murriztuz. Eta herri eta hiri inguruak zeharkatzen dituztenean, edonon ikusten dira plastikoak eta beste hondakin mota batzuk.

Heldu da herritarrok eta erakundeek ibaien kontserbazioa serioago hartzeko momentua. Egia esanda, aspaldi zen, kasu batzuetan jada ez dagoelako atzera egiteko aukerarik. Ibai arroak zaindu eta babestu!!! Anima zaitez parte hartzera!! Gainera, amaieran mokadutxo bat hartzeko aukera izango da.

%d bloggers like this: