Baso Biziak Plataformaren deialdiari erantzunez, Gipuzkoako hainbat natur elkartek eta erakundek lurraldeko ibai eta erreken bazterrak garbitzeari ekin diogu. Gu Jausoro-Altzibargo ibaiertzak garbitzen aritu gara.
Ez da tarte luzea izan, 150 metro inguru, hamar lagun elkartu baigara. Hala ere, jasotakoa ikaragarria izan da. Laburbilduz, hauxe esan genezake ekintzari buruz:
- Ibaiertz batean etxebizitzak zeuden eta bestean parke eta paseo txiki bat, banku batzuekin.
- Bi ertzetan jasotako hondakinak ezberdinak izan dira. Etxebizitzak zeuden bazterrean esango genuke plastikoak, arropa, kableak, tuboak eta alanbreak izan direla nagusi. Bestalde, jaso ez baditugu ere, elikagai hondar ugari ikusi ditugu (platano azalak, azaloreen zatiak, hirugihar zati handi bat ere…). Aitzitik, bestean, paseoa eta bankuen inguruan, botilak eta latak ziren nagusi, egurrezko palé batzuk ere jaso direlarik. Badirudi bertan elkartzen direnak “festa” amaitu ondoren dena ibai aldera botatzen dutela.
- Paseoak industrialdearekin bat egiten duenean, isurketa gune bat aurki daiteke.
- Ez zaigu iruditu uraren egoera txarra zenik. Euri faltarekin emaria eskas samarra bada ere, nahiko “txukun” ikusten zen.
- Ibai bazterretan sasi ugari zeuden, baina ez ditugu espezie inbaditzailerik identifikatu.
Hona hemen ekintzaren irudiak:
Eta hemen Baso Biziak Plataformak sorturiko bideoa Gipuzkoako hainbat herrietan egin den lana erakutsiz: